MENDIALDEA IIKO MENDIALDEA GURASO ELKARTEAREN PROPOSAMENA
Nafarroako Gobernuak bere aldetik erabaki du Mendialdea I eta II zentroetan ari diren Berriozarko ikasleen garraioa kentzea. Horren ondorioz, Mendialdea Guraso Elkarteak urgentetzat jotzen du 12-09-12ko ezohiko Eskola Kontseilu honetan idazki honen inguruan hausnartzea eta bat etortzea.
Mendialdea eskolarako garraioa premiazkotzat hartu eta 1977tik egin da. Hasieran eta eskolako familiek hala eskatuta, Nafarroko Gobernua eskola garraioaz arduratu zen, zegokion bezala. Garraioaren kudeaketa Gobernuak eta eskolako zuzendaritzak batera egin dute eta Gobernuaren esku egon da zerbitzuaren koste ekonomiko osoa, zegokion bezala zentro publikoa baita.
Ekainaren 25ean, ikasturtea bukatzear zela, Mendialdea I-eko eta Mendialdea II-ko zuzendariek ohar bat jaso zuten non Nafarroko Gobernuak jakinarazten zuen Berriozarko autobus zerbitzua bertan behera utzi zuela. Emandako arrazoia zen arautegiaren arabera Gobernua ez dagoela behartuta garraioaz arduratzera bi eskolak ikasleen herri berean daudelako.
Eskola eraikina dagoen tokian egon da sortu zenetik; beraz, zerbitzua ez zen eman beste herri batean zegoelako baizik eta salbuespen kasua zelako. Izan ere, herrigunetik kanpo dago, eskolara joateko ikasleek eskolaren hastapenean baino trafiko handiagoa jasaten duen errepide nazional bat gurutzatu behar dute, trenbidea ere ez da lekuz aldatu eta zeharkatu behar dute.
Hogeita hamar minutu inguruko bide hori egunean lau aldiz egin behar dute eskolan bazkaltzen ez dutenek eta bidean badira industria-nabeak, autobus eta kamioien sarrera-irteerak dituztenak eta, horrenbestez, arriskua areagotzen dutenak. Auto pribatuen erabilera ere baztertu beharrekoa da, ez zubiak, ezta eskolako sarrerak ere ezin dutelako trafiko handia eduki. Gainera, trenbidearen gaineko pasabideak ez ditu segurtasun neurriak betetzen .
Ekainaren 20ko 325/2011 ebazpenak, maiatzaren 4ko 6/2006 Lege Organikoaren 4. artikuluari erreferentzia egitean, hauxe dio: “oinarrizko irakaskuntza, Lege honen 3.3 artikuluak aipatzen duena, derrigorrezkoa eta doanekoa da pertsona guztientzat”. Gainera, ebazpen horrek zera ezartzen du: “orokorrean, ez da antolatuko ez eta kudeatuko ere eskola garraio kolektiborik 3 kilometro baino gutxiagoko ibilbideetan, exohiko kasuak salbu”. Ebazpen horrek berak erabakitzen ditu 2011-2012ko ikasturteko eskola garraioaren irizpideak eta honela dio: “ Hezkuntza Departamentuak eskola garraio kolektiboaren antolakuntza, kudeaketa eta finantzaketa eginen ditu distantziek, ibilbideen trazatu eta egokitasunak, ikasle kopuruak eta zentroen ordutegien koordinazioak ahalbidetzen dutenean…”. Berriozarrek baldintza horiek guztiak betetzen ditu aurreko urteetan bezala, alegia, Nafarroako Gobernuak zerbitzu publiko eta doanekoa ematen zuenean eskola inguru berezian kokaturik zegoelako.
Mendialdea I-eko apymak ere beharrezkoa ikusten du garraio zerbitzua eta horregatik erabaki du autobus zerbitzua kudeatzea eta antolatzea 2012-2013ko ikasturtearen lehen egunetik zerbitzuaren kostea ordaintzen ahal duten familientzat (ikasleen %30).
Mendialdea Guraso Elkarteak ere uste du garraioa beharrezkoa dela, baina baita ere familia guztientzat izan behar duela, eskolaren hastapenetik izan den moduan.
Horregatik guztiagatik, Eskola Kontseiluak honako puntu hauek onartzen ditu:
- Nafarroako Gobernuari eskatzea Mendialdea I-eko eta Mendialdea IIko garraioa bere gain har dezala berandu gabe.
- Familia guztiekiko elkartasuna izatea, murrizketak bi zentroetan eragin eta ikasleen arteko diskriminazioa sortzen baitu arrisku guztiekin.
- Dokumentu honen berri hedabideei helaraztea arazo honen berri eman dezaten.
Mendialdea Guraso Elkartea
